Bi aldeek beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute kontsumo eta merkataritza iraunkorraren aldeko apustua sendotzeko.
bilbaoDendak eta Kutxabankek lankidetza berritu dute Bilboko merkataritzaren eta ostalaritzaren hazkundea bultzatzeko. Horretarako, hitzarmen berri bat sinatu dute, sektorea Batuz-TicketBai sistemara egokitzeko ardatz nagusia izango duena.
Hitzarmena sinatu dute Bilboko merkataritza eta turismo sektorea sustatzeko plataformako presidentea Rafael Gardeazabalek eta Bizkaiko Kutxabankeko Txikizkako Sareko zuzendaria Juanma Bilbaok. “Ziurgabetasunez inguratuta bizi garen arren, joan den urtea aurrekoak baino hobea izan zen, eta, horri esker, baikortasunez ekin ahal izango diogu aurten, jakinik gizartearen zati gero eta handiago batek uste duela kontsumo arduratsuaren alde egitea tokiko merkataritzan erostea dela”, nabarmendu du Gardeazabalek.

Bestalde, Bilbaok azpimarratu du bi aldeek ahalegin handia egin dutela “etengabe berrasmatzeko, bereziki hiri merkataritza hurbil eta moderno baterako diseinatutako produktu eta zerbitzu berritzaileen sorta batekin, bilbaoDendak irudikatzen duen bezala”.
Batuz-TicketBai sistema pixkanaka ezartzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia, eta teknologia- eta prestakuntza-egokitzapen bat behar du, bilbaoDendak eta Kutxabankek hitzarmen honen bidez merkatari txikiei erraztasunak emateko konpromisoa hartzen baitute. Laguntza horren lehen urrats gisa, finantza-erakundeak online mintegi bat egingo du, bilbaoDendak-en integratutako negozioetarako berariaz diseinatua. Bertan, Billin fakturazio digitaleko plataformako, Garrigues abokatu-bulegoko eta Kutxabankeko adituek zerga-araudi horren xehetasun guztiak azalduko dituzte.
JASANGARRITASUNAREN ALDE
Era berean, hitzarmenak aurreko akordioetan islatutako kezka berreskuratzen du, hala nola iraunkortasunaren aldeko apustua. Interes hori agerian geratzen da 2023an sortutako ekimenak abian jarri eta jarraitzean, elikagaien alferrik galtzea minimizatzeko eta soberakinak gizarte-erakundeen eskura jartzeko, aprobetxa ditzaten, bai eta etxez etxeko entrega-zerbitzu iraunkor berria ere.
Lehen proiektuari dagokionez, 25 establezimendu berri gehitu zaizkio orain Eusko Jaurlaritzako Elika Fundazioarekin lankidetzan elikagaien alferrik galtzea prebenitzeko plana egin duten hamar establezimenduei. Izan ere, lehenengo urtean %10 eta %20 artean murriztu dituzte soberakinak. Emaitza horiek agerian uzten dute neurri berriak ezarri behar direla saltokiek eta ostalaritzak beren soberakinak eta negozioek ingurumenean duten benetako inpaktua neurtzeko prozesuak izan ditzaten.
Etxez-etxeko entrega zerbitzuari dagokionez, zenbait establezimendutan egindako proba pilotu arrakastatsuaren ondoren, hiriko komertzio guztietara zabaltzen da. Azpimarratu behar da banaketa bizikleta eta motor elektrikoetan egiten dela, karbono-aztarnarik gabe, eta ezgaitasuna duten pertsonek egiten dutela, horrela lan-merkatuan sartzea errazagoa izan dadin. Kudeaketari dagokionez, Bizkaiko startup batek sortutako aplikazio baten bidez egiten da. Etxean entregatzeko zerbitzu arina, jasangarria eta solidarioa da.