Gau Zuria ekainak 19 eta 20 Bilbo. Un gran escenario de luz, arte, diseño y tecnología. Argiz, artez, diseinuz eta teknologiaz betetako agertoki handi bat izango da
Itsasadarra ibilbide artistikoaren ardatz nagusia izango da, eta 29 instalazio izango ditu, nagusiki Udaletxearen eta Itsas Museoaren artean.
Hiriaren Fundazioaren 726. urteurrena gomutatzeko, Bilbo agertoki artistiko handi bihurtuko da berriz ere, GAU ZURIA ospakizunarekin, ekainaren 19an eta 20an.
Ekitaldia bi egunetan egingo da, barikuan eta zapatuan, 19:30etik 00:30era, eta 29 instalazio eta proposamen artistiko (15 tokikoak dira, 8 estatu mailakoak eta 6 nazioartekoak) eskainiko dira publiko guztientzat, arreta berezia eskainiz familiarteko publikoari, kultura-esperientzia inklusibo, irisgarri eta parte-hartzaile gisa sendotuz.
Aurtengoan, Bilboko itsasadarra izango da ibilbidearen ardatz nagusia, eta Udaletxetik Itsas Museoraino jarduerak antolatuko dira, hiriko espazio enblematikoenetako batzuk zeharkatuz, hala nola Uribitarte pasealekua, Zubizuri, BilbaoArteko Uribitarte40 aretoa, Bizkaia Aretoa, Casilda Iturrizar parkea edo Euskalduna jauregia.
Era berean, ibilbidea Azkuna Zentrora hedatuko da, GAU ZURIAren hiri-izaera indartuz eta herritarrek gozatzeko dituzten aukerak zabalduz.
Kaleak, zubiak, kaiak, plazak, berdeguneak eta kultura-ekipamenduak sorkuntza garaikidearen agertoki bihurtuko dira, artea, diseinua, teknologia eta herritarren arteko elkarreragina uztartzen dituzten proposamen artistikoekin.
