Euskal Museoa Bilbaok ateak irekiko ditu berriz ere, museoa erakustoki moderno, ireki eta garaikide gisa sendotu duen eraldaketa sakon baten ondoren.
Bultzada berri honek nazioartera begirako proiektu anbiziotsu bati erantzuten dio, eta museoaren beraren bilduman eta euskal kulturaren hedapenean jartzen du fokua, zaharberritze arkitektoniko zein museografiko integral baten bidez. Esku-hartzeak beste dimentsio batean kokatzen du museoa, eta tradizioa eta garaikidetasuna lotzen dituen eta ondarea herritarrei modu berritzaile eta irisgarrian helarazten dien erakusketa-esperientzia murgiltzaile bat proposatzen du.
PROIEKTUA ANBIZIOTSUA
100 urtetik gorako historia duen Euskal Museoa Bilbaok 2023an hasi zituen zaharberritze-lanak, Eko nekta proiektutik abiatuta. Proiektu hori 2020an hautatu zen lehiaketa publiko bidez, eta Antonio Vaíllok eta Juan Luis Irigarayk sinatu dute.

Proposamenak ingurunearen eta jatorrizko eraikin historikoaren balioan jartzen du arreta (XVII. mendeko Jesuiten kolegio zaharra), María Muñoz kalerantz duen luzetarako ardatza berreskuratzen du eta klaustroa nabarmentzen du erakustokiaren bihotz gisa.
Arkitekturari dagokionez, Miserikordia eraikinaren “enbor arina” da azpimarratzekoa; espazio horrek egituratzen du euskal kulturaren eta euskararen sustraietatik berrinterpretazio garaikidera bitarteko ibilbide museografikoa. Planteamendu berriak esperientzien museo izatea du helburu, bisitariak atmosfera desberdinetan murgiltzera gonbidatuz.
Esku-hartzeak euskal ondarearen nazioarteko proiekzioa indartzen du, are gehiago zabaltzen dizkie ateak herritarrei, eta euskara kokatzen du ardatz nagusi gisa, hizkuntzaren ibilbidea, berreskuratzea eta sendotzea azpimarratuz.
LAU ESPAZIO. MUSEOGRAFIA ETA FUNTZIONALTASUNA:
Miserikordia: Espazio honen beheko solairua da museoaren aurkezpen-gutuna, haritzaren sustraia. Hemen daude lurraldea eta ondare antropologikoa. Azken hori museoko funtsen bolumen handiko harribitxiek osatzen dute; adibidez, 1940ko hamarkadaren hasieran Bilboko Sagarduy e Hijos galdategiak Victor jatetxerako egindako egur- eta ikatz-sukalde ekonomikoak.

Klaustroa: Jesuiten kolegio zaharra XVII. mendeko klaustroaren inguruan egituratzen zen, eta bertan dago orain erakusketa erdiiraunkorra, zeinak euskal herriaren ondare historiko eta antropologiko kolektiboaren ikuspegi orokorra eskaintzen baitu. Espazio honen erdigunean dago Mikeldiko idoloa; Burdin Aroko (K.a. V.-I. mendeak) eskultura zoomorfo bat da, Euskal Museoaren pieza esanguratsuenetako bat.
Unamuno: Unamuno plazako eraikineko aretoek entitate eta diskurtso propioak dituzte. Hori dela eta, 2. fasean zabalduko dira, irailean eta urrian. Helburua da espazio horiek museo-berrikuntza handiaren barruan duintzea, haietako bakoitzari protagonismo eta ikusgarritasun handiagoa emanez.
-BIL(V)BAO aretoa: Hiriaren bilakaera erakusten du: nola bihurtu den itsasadarraren inguruko industria-lurralde indartsu.
-Lapikotik: Tailerrak egiteko eta sorkuntzarako gastronomia-laborategiak.
-Bisitatzeko moduko biltegia: Bisita gidatuak museoko teknikariekin batera, aurrez aurre ikusteko bildumako piezak nola kontserbatzen eta eraberritzen diren.
-Aldi baterako erakusketak: Bildumarekin edo euskal kulturarekin zerikusia duten askotariko gaietako erakusketak egongo dira ikusgai.
Kurtze: Eraikinik funtzionalena. Hemen daude hitzaldiak edo solasaldiak egiteko erabilera anitzeko aretoa, liburutegia eta jakintzarako eremua, zeina erakundeak ematen duen hezkuntza-zerbitzura bideratua baitago. Azken horretan, Hezkuntza Sailak diseinatutako familientzako jarduerak eta tailerrak egingo dira.
